BURDIN-HITZAK | Page 53

Odolak borbor egiten zidan. Nire indar guztiarekin Baesinen kontra oldartu nintzen. Ia lurrera bota nuen. Bere etxetik atera nintzen, negar artean, korrikan. Nora joan jakin gabe oinak mugitzen nituen. Buruko iparrorratza apurtuta neukan. Begirada lausotuta. Nire errua izan zen? Burua biraka zebiltzan. Zure bila joango naiz, Reki. Neure buruari errua nirea ez zela erran eta korrika jarraitu nuen. Bakardadez beteriko olatu batek ito ninduen. Bat-batean gelditu nintzen. Oihuak entzun nituen, nire izena esaten zuten oihuak. Guardien txakurren zaunkak kanpamendu osoan entzuten ziren. Halako batean Rekiren ahotsa entzun nuen. Nire buruko Reki. “- Zer zaude egiten?- esan zuen nire ondoan jarri zen mutikoak.- Beti berdin,ez dakit zer demontre izango duen zuhaitz horrek, egunero begiratzeko.- Eta hitz horiek irribarre zabal batekin lagundu zituen Rekik.” Zuhaitza. Orain banekien nora joan. Zuhaitza. Nire askatasuna gordetzen zuen arbola. Hara joan behar nuen. Banekien. Han aita eta Rekirekin aurkituko nintzen. Han haiek itxaroten zidaten. Oihuak zaunkekin nahasten ziren. Gero eta hurbilago zeuden. Zuhaitza metro batzuetara zegoen. Gero eta hurbilago nengoen, askatasunaren hurbilago. Segundoak oso astiro pasatzen ziren. Tic tac. Korrika jarraitzen nuen. Zaunkak. Oihuak. Korrika. Bum-Bum, Bum-Bum. Zuhaitza. Alboan nago. Bum-Bum, Bum-Bum. Pum. Tiroa kotoian bildutako erloju bat bezala entzun zen. Denbora gelditu zen. Lurrera erori nintzen, belaunikatuta nengoen. Hankak lurrean