Amaren bila joango naiz. Horretarako matxinada bat egingo dugu,
esklabuen matxinada.
Ez dut uste serio esan zuenik. Baina Reki oso burugogorra da eta
zerbait buruan sartzen bazaio, ez da geldituko lortu arte. Nik ez
dakit ea denbora asko jasango dudan hemen. Azkenean Reki joaten
bada bakarrik geratuko naiz, hasieran bezala. Badakit, zure bila
joango naiz. Erabakita daukat. Badago lo egiten dudan lekuaren hurbil
zuhaitz bat, eta haren atzean beste asko. Inoiz hara heltzea lortzen
badut, libre izango naiz. Librea. Eta behin aterata, nonahi zaudela,
zure bila joango naiz. Eta Reki eta Rekiren ama nirekin eramango
ditut, ikusiko duzu! Reki oso alaia eta majua da, eta guztiaren
gainetik, leiala. Aita, zin egiten dizut zuhaitza zeharkatuko dudala
eta zure bila joango naizela. Ez dut deskantsurik izango zu berriz
aurkitu arte.
Maite zaitut.
Zure semea.
Nonahi egonda
~4~
Reki gaixorik dago. Berak esaten du amorrua dela gaixotu duena.
Guardiek Reki eguneroko lana egitera behartu dute, baina nik bere
lana egitea eskaini diot. Berak ezetz buruarekin esan eta irribarre
txiki bat erakutsi dit. Lehen inoiz egin ez duen hotza gaur izan dugu.
Horrela ezin izan dut lanik egin. Arropa zuloz beteta nuen eta hortik
hotza sartzen zitzaidan. Ni txarto banago imajina ezazu nola dagoen
Reki esan diot nire buruari, eta automatikoki Rekiri begiratu diot.
Eztulka zegoen zuloak lurrez betetzen. Harengana hurbildu eta
lepoan neukan lepokoa jarri diot. Aurrez aurre geundenean haren
sudur gorria ikusi ahal izan dut eta eskuak berotzen saiatu da
dardarka zegoen bitartean. Gure atzean oihu batek lanean jarraitu