Bitxia da, zaindariak horrela deitzera behartzen gintuen, baina berak
ez gintuen zaintzen. Azken begirada bota nuen lehiotik zehar,
zuhaitza berriro ikusteko. Egia esanda, zuhaitz horri begiratzeak
liluratzen ninduen. Zuhaitzaren atzean askoz gehiago zeuden, baina
hori, hemendik gertuen zegoen zuhaitza zen, eta hori zeharkatzean
beste mundu bat zegoen, mundu librea. Hara inoiz iritsiko banintz,
inork ez ninduke aurkituko, ez harrapatuko, zuhaitzek babesa emango
zidaketelako. Hori gertatuko balitz, agian, berriz nire familia ikustea
lortuko nuke. Berriro nire pentsamenduetan murgiltuta nengoela
konturatu nintzen. Orduan altxatu, eta Rekik jarraituta, aterpetik
atera ginen.
Egunero bezala, Reki eta biok gure lana egitera abiatu ginen. Orduak
eta orduak pasatzen genituen eguzki kiskalgarriaren azpian lurrari
eragiten. Beroaren ondorioz, uste dut, batzuetan urruntasunean
norbait zegoela iruditzen zitzaidan, ibiltzen zegoena. Orduan
begirada jaitsi eta aitzurrarekin lan egiten jarraitzen nuen. Egun hori
bereziki luzea egin zitzaidan, baina behintzat Reki nuen, noizbehinka
txutxumutxuka hitz egiteko. Hala ere, asko hitz egiten bagenuen,
zaindariak berehala oihu pare bat botatzen zizkigun. Egun hartan, ez
genuen jateko geldialdirik egin, nagusia haserre baitzegoen, batek
daki zergatik. Baina haserre horregatik gauera arte eman genuen jan
barik, eta “afaldu” eta gero, eguzkia ezkutazean, gure etxoletara
bidali gintuzten.
~2~
Eguna hasi bezain pronto banekien, zerbait gertatuko zela, horren
sentsazioa neukan. Amonak beti esaten zidan bakarrik gauza
batengaz fidatu nintekeela, eta gauza hori nire bihotza zen. Bihotzak
esaten zidan nire bidean gauza txarren bat jarriko zela, eta
pairamenak mugituta ohetik altxatu nintzen. Gaueko hirurak inguruan
ziren, eguzkia ezkutatuta zegoen eta horren ordez argi zuriko itzal
bat, ederrenetik ederrena. Aitak “ilargia” deitzen zuen eta biok
liluratuta gelditzen ginen bera begiratzen, lo geratu arte. Aitaren
irudia etorri zitzaidan burura eta ezin izan nituen malkoak eutsi.