BERBAZ I | Page 7

Sei urte neuzkala San Andresetik Orozketara joaten ginen eskolara, 7:30ean etxetik irten eta mendirik mendi. Abarketak kendu eta zapata garbiak janzten genituen gelara sartu aurretik. Lagun ginen hiru neskatila jartzen ginen bata bestearen segidan, Elena lehenengo, Mikaela erdian eta ni ondoren, Luzia. Sei urteko neskatilak jolasten zuten gauza arruntera jolasten genuen, aita eta ama izatera, txantxurrike, … eta mutilak ere zirikatzen genituen batzuetan.

Baina 1937ko martxoaren amaiera zen jada, pare bat egun falta ziren nire urtegunerako, martxoaren 31 zen. Egun beltza orain atzera begiratuta. Egunero lez, eskolara abiatu ginen, abarketak zapatengatik aldatu eta gelan betiko lekuan jarri ginen, Elena lehenengo, Mikaela erdian eta ondoren ni. Goizeko 8:30ak izango ziren eta guk ez genituen ikusten baina bazetozen saguzarrak. Hasieran, Orozketan ez zen ezer arrarorik entzun, txoriak txioka eta txakurrak zaunkaka besterik ez.

Baina eskolak hasi eta gutxira, trumoi arraro bat entzun genuen egun eguzkitsu hartan. Maistrak tinkotasunez, izua ongi ezkutatuz lurrera azkar botatzeko esan zigun. Baina Mikaelak izua barruraino sartua zuen jada, eta maistrak esandakoari entzungor egin ziola uste genuen, maistrak berriro oihukatu zuen, orduan konturatu ginen beldurraren beldurrez gogor-gogor eginda geratu zela eta bere bihotz gazteak azken taupada eman zuela Orozketako gela hartan.

Elena eta biok Mikaela zurbil eta mugitzen ez zela ikusirik, biok besarkatu ginen, ez genekien zer pasatzen zen baina beldurtuta geunden. Maistrak egoera ikusirik gu ohartu aurretik magalean hartu gintuen besarkada gozo bezain babeslea emanez. Maistrak Orozketakoak etxera bidali zituen eta San Andresekoak berarekin abiatu ginen benetan arriskua zein zen jakin gabe. Maistra Mikaelaren gurasoei berri txarra ematera joan zen. Ez genuen zapatarik aldatu ere, amaren magalean babestea besterik ez nuen nahi.

FALTAN BOTATZEN ZAITUT MIKAELA

Maialen Magunagoitia Bereziartua

LITERATURA

5