EDITORIALA
4
Esku artean daukazun hau (ondo zaindu gero!) Sorginola Gaztetxeko Ateneo proiektutik abiatutako ekimen baten emaitza da. Sorginola orain dela hiru urte jaio zen, eta Ateneo proiektua hasiera-hasieratik eraman du bere baitan.
Durangaldeko gazteon artean kultura bultzatzearen xedearekin hasi zen Sorginolako Ateneoa lehen pausoak ematen, eta zio berarekin kaleratu dugu esku artean daukazun aldizkari liluragarria.
Berbaz izena natural irten zitzaigun, gurea sentitzen dugun hitz bat baita, aldizkaria bezala. Editoriala eta aldizkariaren gehiengoa euskara batuan aurkituko baduzue ere (ez dakigu den ekialderago dugun herrialde historikoko kideren batek hartuz gero ere ulertzeko edo profesionalago gelditzen delako), aldarrikatu nahi genuen Durangalde mailako izaera duen (eta eduki nahi duen) proiektua dela hau, osotasunean eskualdeko gazteon lanekin osatutakoa.
Hala ere, Berbaz izena erabiltzeak ez du inolaz ere esan nahi literatura idatziari bakarrik egin diogula tartea. Berba egiteko modu ugari baitaude, eta Berbazen horietako zenbait jaso nahi izan ditugu, kulturaren ertz ezberdinak ukituz: prosa eta poesia, musika, antzerkia edota artea. Formatu ezberdinekin josi ditugu ertzok: elkarrizketak, 24 ordu paperean jolaseko testuak, pentsamendu kritikoa eta abar, dena irakurle maitearen gozamenerako.
Esan bezala, ondo zaindu esku artean duzun hau! Berez Berbazen lehenengo zenbakia baino ez da eta aurki etorriko dira hurrengo zenbakiak, baina badakizue askotan asmoak eta berbak haizeak eramaten dituela...
Sorginolako Ateneoak
2018ko ekainean
Durangon