23
ELKARRIZKETA
Zein da zehazki obra baten atzetik dagoen lan hori guztia? Eta zein lan baldintzetan gauzatzen da?
Guk obra bat ateratzeko urtebete inguru behar izaten dugu. Hasieran asteazkenero batzen gara, baina gero ostegunetan baita, eta asteburu batzuetan ere lan intentsiboa egiten dugu. Azken hilean egunero batzera ere heltzen gara. Eta hori guztia gu amateurrak garela, baina badago jendea honetara dedikatzen dena, eta astelehenetik domekara antzerkigintzan diharduena, bai entseguetan baita aurkezten ere.
Gertutik ezagutzen dugu antzerkigintzara profesionalki dedikatzen den jendea eta beren testigantzak. Antzerkian aritzea dagoenik eta lanik prekarioenetarikoa da. Lan baldintzak oso eskasak dira, lotsagarriak askotan. Ikusi dugu Goya irabazteak ere ez dizula bermatzen lana izango duzula eta paroan egon zaitezkeela; hori da hain zuzen aktore askoren egunerokoa. Hilean antzerkitik 200€ irabaziz gero pozik egoteko modukoa da, eta aktoreak, hortaz, behartuta egon ohi dira lan egitera beste lanposturen batean. Oso zaila da, beraz, gaur egun antzerkitik bizimodua ateratzea.
Zeintzuk dira antzerkigintzaren indarguneak?
M.E.: Asko jada aipatu ditugu, zein esparrutik begiratzen duzunaren arabera indargune ezberdinak topa daitezke. Nire esparruan, nik ez dut ezagutzen erreminta pedagogiko hoberik antzerkigintza baino. Hamahiru-hamalau urteko gazteak eszenatoki gainean egiteko gai direna ez dut ikusi beste inon ez beste ezertan: taldean jarduten ikasten da, ahotsaren proiekzioa, makillaje/bestuarioaren maneiua, gorputz adierazpena, gai baten inguruko kontzientzia garatzen da, emozioak adierazten ikasi… pertsona baten garapen psikologikoan horietako asko premiazko ezaugarriak dira. Obra baten errepresentazioak alderdi asko biltzen ditu bere baitan: testuaren idazketa, gero irakurketa prozesua eta irakurketa prozesu horretatik pertsonaia lantzera igarotzea, paperean sartu eta abar.
Komentatu bezala, antzerkiaren bidez taldean lan egiten ikasten da. Gainera, atxikimendu handia lortzen da, bai taldearekiko bai antzerkiarekiko, eta hori gaur egun balio handiko gauza da. Kulturalki ere oso aberasgarria da: ahozko eta entzumenezko adierazpena lantzen dira antzerkian, eta hizkuntza sustatzeko bidea ere izan daiteke.