22
ELKARRIZKETA
Balio izan dizue antzerkiak eraldaketarako? Bai oholtzan bai bizitzan:
G.M.: Bizitzarako asko lagundu dit, nire garapen prozesuan. Gauza asko aportatu izan dizkit. Adibidez, lotsak baretzeko oso baliagarria izan zait momentu askotan, jendearen aurrean berba egiteko besteak beste; edota taldean lan egiten ohitzeko ere.
M.E.: Nik antzerkiaren oinarri pedagogikoa azpimarratu nahiko nuke. Nire emozio guztiak antzerkia egiten adierazten ditut: urduritasuna, poza… Noski nire bizitza eraldatu duela, ni orain antzerkiko irakasle bihurtu naiz eta guzti!
M.L.: Asko gara (momentu honetan hamahiru gabiltza lanean, baina guztira hogei pertsona inguru gara Karrikaren orbitan gaudenak) eta hau guztia taldean lan egiten ohitzeko oso baliagarria da. Nik, jendearen aurrean berba egiteko gaitasunaz gain bereziki taldean lan egiten ikastea azpimarratuko nuke.
Zelan ikusten duzue gaur egun antzerkigintzaren egoera?
Euskal Herri mailan ekoizpena oparoa da, kalitate oso onekoa, talento asko baitago. Antzerki mordo bat egiten da beraz, baina jendearengana ekoizpena ez da behar beste heltzen, maiz ez gara kontziente egiten den guztiaz. Alde batetik, prioritate politikoak direla eta uzta hori aurkezteko gero eta leku gutxiago dago, baita aurrekontu gutxiago ere. Superprodukzio eta baliabide eskasia horrek konpainia asko ekonomikoki kilikolo egotea eragiten du.
Bestetik, erabaki politikoez gain, gizarteak ere badu kulpa. Jendearen imaginarioan errotuta dago ekoizpen kulturala egitea (adibidez antzerkia edota musika) erraza dela, eta askotan ez da baloratzen atzetik dagoen lan guztia. Ohikoa da lekuz kanpoko komentarioak jasotzea ikusle edota antolatzaileen partetik. Askotan esaterako ikuskizun bat musu truk eskaintzea eskatzen zaio artistari, ikusgarritasuna edo promozioa emango diola aitzakiatzat erabilita. Zergatik ez zaigu okurritzen iturgin bati gauza berbera eskatzea?