BERBAZ I | Page 23

21

ELKARRIZKETA

Pertsonaien banaketa zelan egiten duzue?

Era desberdinetan egin ohi dugu obraren arabera. Batzuetan gidoia idatzita dagoenean bakoitza hobeto dagokion pertsonaiaren paperean sartzen da. Zapoin, adibidez, beste era batera egin genuen: gaia bageneukan eta guk sortu genituen pertsonaiak, beraz bakoitzak berea zeukan. Batzuetan Txotxek berak esleitzen zituen pertsonaiak, berak idazterakoan buruan baldin bazuen nori zetorkion hobeto. Zozketa bidez ere egin izan dugu. Noizbait denok egin izan dugu eszena berdina, eta emaitza ikusita pertsona egokiena aukeratu.

Nolakoa izaten da pertsonaia hori eraikitzeko prozesua?

Jolas bat izango balitz moduan zoaz zure pertsonaia deskubritzen eta bere zentzua hartzen. Pertsonaia ezberdinak lez, aktore eta pertsona ezberdinak gara, eta hortaz, pertsona bakoitzak bere erara egiten du egokitzapena. Hein baten askotan pertsonaia zurera eramaten duzu. Batzuetan kontrara, pertsonaiak zurekiko oso ezberdinak dira, eta horrek lan eskerga eskatzen badu ere, azkenean oso esperientzia polita eta aberasgarria da.

Zergatik aukeratu zenuten antzerkian hastea? Zer dauka antzerkiak berezi?

G.M.: Niri txikitatik gustatu izan zait antzerkia. Aukera gutxi izan ditut antzerkia egiteko bai eskolan bai eskolatik kanpo, Karrika ezagutu nuen arte. Kostata sartu banintzen ere (beti obra bat egiten topatzen nuen taldea!), ez naiz batere damutzen, Karrikak asko aportatzen dit eta.

N.L.: Urteak pasatu ahala (hamazortzi urte daramatzat Karrikan) ikusten duzu pertsona eta talde moduan asko hazi zarela, gauza asko ikasten dituzu. Txotxerekin batera, nerabe izatetik nagusi izatera igaro gara. Gu hasi ginenean instituto garaian ez zegoen orain dagoen besteko nibela. Baina antzerkiaz aparte, gauza asko bizi izan ditugu urteotan batera, eta antzerkia baino gehiago esango nuke hori dela batzen gaituena. Antzerkia bidea baino ez da.

M.E.: Ni, beste hiruzpalau kiderekin batera, ikastolan konturatu nintzen zerbaitetan ona nintzela. Ez nintzen ona kirolean edota pinturan, baina bai antzerkian! Eneko eta biak orduan sartu ginen Karrikara, hamabost urte genituela. Karrikan hogeita hamar urteko zoroekin topo egin genuen; adin desberdintasun handia zegoen, eta apur bat bortitza izan zen hasieran, baina gero azkar ohitu ginen. Niretzako droga bat da hau, zoriontasun iturri handia baita zorotasun puntua ere. Ni, ni naiz karrika dudalako, hori argi daukat.