BERBAZ I | Page 21

Ostikada batez botatzen gintuzten bazkal ostero, eguzkia ezkutatu baino lehen etxea zapalduz gero, gureak eta bi egingo zuela mehatxatzen gintuzten bitartean. Horrela pasatzen genituen gerizperik emateko arbola bakar bat ere ez zuen plaza hartan ume garaiko udak, arrastiko orduak infinitura arte luzatzeko abenturen bila. Artean, gure abentura grinari so, gurasoek iparrorratza imanen ondoan ez jartzeko esan ei ziguten, iparra galduko genuenaren beldur. Jarrai genezala beti brujulak markatutako orratzaren ibilbidea, eta okurritu ere ez egiteko geziaren kontrara zeuden kaleak zapaltzea. Gerora konturatu ginen, hiriaren hegoaldeko kaleek heroina usaina zutela. Geroago jabetu ginen, ume garaiko fantasia horiek aspaldiko garaitan geratzen zitzaizkigunetan, imanen kontaktua saihestea ez zela hain erraza. Harrezkero, ikusi ditugu bide okerretik zuzen ari ziren asko, kea airean bezala desagertzen. Harrezkero, izua izan diot harriz ondo markatutako bideetatik irten eta bidezidorretan barrena galtzeari. Eta, bat batean mundua iman handi bat dela irakurri dut, beraz, brujula guztiek dutela iparra galduta. Eta joan naitekela bide zuzenetik oker. Eta okerretik zuzen. Eta bide berdina hartuta ni zuzen, eta hura oker. Edo hura zuzen, eta ni oker. Edo ez nazakela eraman inora. Edo eraman nazakela edonora. Nora garamatza bakoitzaren iparrak?

19

24 ORDU PAPEREAN

IPARRA

Maddi Sanchez Arrarte