BERBAZ I | Page 18

16

24 ORDU PAPEREAN

Ekiak zeruan diz diz

mendez mende zutunik

eta gu, hegotik iparrera zintzilik

kearen norantzan jarriz esperantza

eta sentituz bizirik

galdutako barne-gudek

ito gaituzte egarriz

baina bihar ere argituko du

eta egongo gara itzarrik

lehen eguzki izpiek

laztan gaitzaten berriz.

TANTA

Tristura bizitzan noizbehinka sentitzetik sarriago sentitzera igaro zen,

tristezia hau kroniko bihurtuko zitzaion beldurrez

penak hartu eta sutara bota zituen.

Penak erre bai baina kea begi ninietara sartu zitzaion,

eta geroztik lausotuta ikusten du dena,

egunero lanbrotuta balego bezala.

Bera bakarrik lanbroan ibili ezin eta besteen eskutik helduta soilik egiten zuen aurrera,

besteen eskua estutzeak bere tristeziak konpontzea ekarriko zuelakoan.

Konturatuko da egun baten begiak itxita

lanbroa desagertu egiten dela.

Amatatu egin da zerbait eta zuk, suak apeta hutsez ernetzen dituzun horrek, leihoak itxi dituzu kerik sar ez dadin. Baina usaina hartu duzu eta bazoaz urrun, oraindik ez baitzara ohitu suak itzaltzen ikustera. Joan zaitezke edonora; iparra aspaldi galdu zenuen.