BERBAZ I | Page 17

15

24 ORDU PAPEREAN

Zupada ziur eta begirada galduaz eman zion hasiera %25 asetzaile, %30 kaltegarri, %35 menderatzaile eta %10 leiala zen bi koloredun zigarroari. Kea birikietaraino garraiatzen zuen zilindroa ahotik urrundu ahala; keak erabat ezaguna zuen gorputzeko zirrikituetatik bidea eginez. Erpuru eta hatz erakusleaz sostengatzen zuen zigarroa, agerikoa ez zuen maskulinitateaz boteretuz; eta ahoaren eskumaldean kokatzen zuen zupada bakoitzeko, gora herria zihoen kamisetak ematen zion identitate ezkertiarraren kontrako aldean. Keari denbora ematen zion bere helmuga ase zedin, nikotinaren beharra sentitzetik barruan izatearen lasaitasunera iritsiz. Horrela, ukondoa tolestu, eskua gerri parean jarri eta esku ahurra barrurantz mantenduz geldiune ematen zion zigarroari, bere buruari ere onartzen ez zion atsedena dohainik hari eskainiz; oparituz, hark eskatu barik emanez, bueltan ezer jasotzea espero gabe. Airea askatzerakoan, kearen gas erako lausotasuna gorpuztu egin zuen ezegonkor sentituz, kearen hainako malgutasun ez-orekatsua bere eginez; norabide finkorik gabe, baina haizearen bultzadak emandako bidetik aurrera joanez. Iparra ezagutzen ez zuen keak iparra galtzear zegoela ikusi zuen instant horretan, eta zigarroaren existentzia murritzak hura sostengatzea oztopatzen hasia ziola, lurraren kontra zanpatu zuen; inoiz bizirik izan ez zuen zerbaiti betiko bizitasuna kendu ziolakoan menperatzaile sentituz. Berak bidea jarraitu zuen keak utzitako arrastoak desegiten ziren norabidean.

KEAREN BIDEA

Nahia Blanco Iturbe