BERBAZ I | Page 16

Aspaldi galdu zuen iparraldeak iparra. Bestela esanda, aspaldi galdu genuen iparra gizarte hotz honetako inurriek. Kontraesanak kontraesan, oraindik bada iparraldeak gainditu ezin izan duen desira bat: hainbeste txikitu duen hegoa aurkitzea. Noraezean dabil, ez hegoalde, ez ekialde, ez mendebalde eta ez ezer. Zeharo galduta, bere buru perfektu horretan preso, perfektua denaren handiusteen mirabe. Hegoa nola bilatuko eta, hara, iparrak ihes egin zigun modu berean berau aurkitu nahian, gure uste eta ideia bedeinkatuei bide emanez. Salbatzaileak baikara, azken finean. Iparrari esker izan da iparraldea gurean nagusi, gure mundu borobil eta eder honetako zuzendari leial. Zoritxarrez, urteak joan dira iparrak bizkarra eman zigunetik, nahiz eta guk merezi ez, eta salbatzaile lanean hain gogor jardun duen herri bikain honek hainbeste zigortu zituen teknika zaharretan aurkitu behar izan du aterpe. Mendi altuetan, muino maldatsuetan zein elizetako kanpandorreetan dakuskit orain iparra galdu zuten horiek hegoa bilatu nahian, ke seinaleen bidez komunikatzeko ahalegin antzuan. Hego haizeak kea noraezean daraman bitartean, iparraldea su horren sugarrak du erretzen; gogor, isilean, baina etenik gabe.

14

24 ORDU PAPEREAN

HEGO HAIZEA

Eneko Maurtua

GAIA: Iparra

HITZA: Kea