BERBAZ I | Page 13

11

LITERATURA

Serioski diot tristea dela ilunetan, beste batzuen itzalpean bizi behar izatea, gutxietsia sentitzea.

Haurdunaldiagatik kaleratzea.

Gutxiago kobratzea.

Emakume izatearren zure esfortzuak gutxiago balio izatea.

Sekulakoak eta bi entzun, eta isildu behar izatea.

Ubeldurak makillajez eta zapiz ezkutatu behar izatea.

Eta hala ere, “pozik egon beharko zenuke” entzun behar izatea, “ badaude toki okerragoak emakume izateko”. Eta bai, arrazoia du. Badaude toki okerragoak, baina ez da pozik egoteko arrazoia. Haserretzeko baizik.

Eta berriz itzaletara buelta.

Zein tristea den itzaletan, ilunetan bizi behar izatea, eta gainera itzal orori beldur izatea.

Berdin du zabor ontzi baten itzala den edo albotik pasa berri den katu batena.

Giltzak eskuan hartu eta mugikorra bestean, badaezpada. Gorputzeko muskulu guztiak uzkurtu bitartean.

Itzal bakarra dago izutzen ez gaituena.

Itzala sumatu, atzera begiratu, eta beste emakume batena dela konturatzen garenean.

Eta bere begiradan sumatzea, bera, zu bezain izutua doala. Zu bezain uzkurtuta.

Itzala dela itzalen artean.

Mahaia argitzen duen argi printzari beha geratu naiz.

Irmo.

Indarge.

Itzaletan.