BERBAZ I | Page 11

LITERATURA

9

Astelehenetik ostegunera ostirala noiz helduko zain eta ostiraletik igandera denbora ahalik eta gehien aprobetxatzeko asmoarekin, denbora haizea bailitzan igarotzen zait. Gero, domekan, astelehenari begira jarri aurretik asteburua aztertu eta, askotan, ez dut nire gogobetetzerik sentitzen. "Datorren asteburuan lo gutxiago egin behar dut goiza aprobetxatzeko" edo "mendira joango naiz eta ez naiz parrandan irtengo..." baina egia da batzuetan zapore gazi-gozo hori ez diodala astelehenari ematen. Noizean behin, igandea heldu eta astelehena gogoz hartzen dut, pasatako asteburuan erdiko bidea aukeratu dudalako, niretzako denbora hartu eta gainera domeka goizari probetxua atera ahal izan diodalako, alegia.

Baina ba al dauka zentzurik asteburuko probetxuaren obsesioan jardutea astelehenetik iganderaino? Ze, egia esan, askotan astelehenak mundialak izaten dira, edo asteazkenak...

Beraz, bihartik aurrera asteko egunen ordenari etiketarik ez jartzea izango litzateke egokiena eta oheratzean eguneko balorazioa egitea; orain, gai izatea soilik geratzen zait.

Eta gora begiratu orduko berandu zela aitortu behar izan diot nire buruari; Begiak berriro itxi eta kotoizko lur leuna baina aldi berean ankerra zapaldu dut bortizki nire oin ahulekin, oihu otzan batez non nagoen jakin gabe. Geroztik, erantzunik gabe oinezean nabil denbora luzez, bakarrizketetan murgildurik.

Hala ere, erantzunak gandutsu ikusi arren, ez nago galduta, harrapatuta baizik, ezinezkoa baita ikusi, usaindu, entzun… ezin dezakezuna ulertzea. Antzematearekin konformatu behar izaten naiz, ez bainaiz garaiz heldu. Horregatik, gora begiratzean… berandu zela aitortu behar izan diot, beti bezala, neure buruari.