BURDIN-HITZAK | Page 44

Etxolara heltzea lortu genuen, eta zorte onez, atea erdi irekita zegoen. Ahalik eta lasterren sartu ginen, eta gure atzean atea itxi genuen. Zoritxarrez egurrak talka egitean danbatekoa entzun zen. Norbait nola altxatzen zen entzun genuen Rekik eta biok, baina pertsona altxatu zenerako biak ezkutatuta geunden. Pausoak. Nor dabil hor? - esan zuen ezagun egiten zitzaidan ahots batek. Ni, arnasa eusten saiatu nintzen, eta eskuak Rekiren ahora eraman nituen. Nor demontre dabil hor? - Errepikatu zuen Baesinen ahots haserretuak. Bere ahotsa oso lodi eta sakona zen, ia nahastezina. Baesin zen, dudarik gabe. Ohe azpitik atera ginen baina hori egin baino lehen Reki eta biok zin egin genuen ez geniola inori ikusitakoa kontatuko. Baesin ikusi bezain pronto, besarkatu genuen eta gorpua alde batera utzita gertatutakoa kontatu genion. Bi minutoz behin istorioa gelditzen zuen, ea egia zen galdetzeko. Rekik Baesinen ahoa haren eskuarekin estaltzen zuen eta horrela gure abentura kontatzen jarraitu ahal nuen. Bukatzerakoan irribarrea haren aurpegian margotu zen. Baesin, Reki eta bion lagun mina zen. Arazo guztiak hari kontatzen genizkion eta beti irtenbide bat aurkitzen zuen. Kanpamenduko pertsonarik zaharrenetako bat zen eta haren istorioak kontatzen zizkigun. Batzuetan, oso nekatuta ez bazegoen, haren aurreko bizitzaz hitz egiten zuen. Kanpamendu honetan bizi garen guztiok gure bizitza bi zatitan banatzen dugu: sartu aurretik izandako bizitza, paraisua, eta orain daukaguna, infernua. Horregatik ez zait arraro egiten beste pertsonei aurreko bizitzaz hitz egitea. Baesin errespetatzen zuten gizon bat zen. Batzuetan iruditu zait errespetu hori beldur bihurtzen zela, baina ezin da izan, Baesin pertsona ona da. Beti jateko zerbait zeukan eta ez dakit nola, baina guardiek ez zuten inoiz zigortzen.