18 | berberana | diciembre de 2018 EUSKARAREN ORRIA
Eider Olano Tejadaren elkarrizketa
Mikel López de la Pinta
Eider Olano Tejada, Lantziegon
ospatuko dugun Arabako Errioxako
Euskararen Nazioarteko
Egunaren kartelaren egilea da,
azaroaren 21ean, Arabako Errioxako
Irratitik pasa zen eta han
bertan, Itziar Galpasorok elkarrizketa
egin zion. Hurrengo lerroetan
elkarrizketaren mamia islatzen
saiatuko naiz.
Eider Olano, 10 urteko Lantziegoko
ikastolan 5. mailan
ikasten ari den neskatoa da, Bilarren
bere gurasoekin eta nebarekin
bizi da lasai. Azaroaren
15ean, egun zoragarria izan zen
berarentzat, Euskara Teknikariak
goiz horretan iragarri zion bera,
Arabako Errioxako Euskararen
Nazioarteko Egunaren kartelaren
lehiaketa irabazlea izan zela. Kasualitatez,
egun horretan 10 urte
bete zituen, eta izugarrizko pozarekin
hartu zuen berria. Egun horretarako,
bere gurasoek Eiderri
aparteko ustekabea ere prestatu
zioten, hau da, Mendizorrotzako
futbol-zelaia barrutik ikustea,
neska Alaves zale sutsua delako.
Eiderri, 10garren urtebetzea ez
zaio inoiz ahaztuko, dudarik gabe.
Mikrofono aurrean jartzen
zela lehen aldia zenez, Eider hasiera
batean urduri zegoen, baina
denbora pasa ahala naturaltasun
osoz erantzun zion Itziarrek
egindako elkarrizketari. Azaldu
zuen nola prestatu zuen kartela,
izkina batean “EUSKARAZ BIZI
NAHI DUT” agertzen da, beste
batean “EUSKARA” Arabako
Errioxako maparen barruan,
bestean, txantxangorria, hau da,
euskararen txoria eta laugarren
izkinean “I LOVE EUSKARA”.
Kartelaren erdian eguzkilore deigarria
ikus dezakegu, bere etxean
honetakoa dagoelako, eta gure
kultura ikurra delako, hortik ideia
bururatu zitzaiola azaldu zuen
Eiderrek. Eguzkilorearen inguruan
irakur dezakegu: “EUSKA-
RAREN NAZIOARTEKO EGUNA.
2018 ABENDUAK 2. OSPAKIZUN
BATERATUA DAUKAGU! ONDO
PASATU!!”
“EUSKARAZ BIZI NAHI DUT”
leloa garrantzitsua Bilarreko neska
honentzat, eta ahal den neurrian
euskaraz bizi izaten saiatzen
da, esaterako, Lantziegoko ikastolako
ikaskideekin, Bilarren lagunen
artean eta etxean noizean
behin aitarekin euskaraz aritzen
da, baina oro har gehiagotan egin
beharko lukeela uste du.
Marraztea gogoko du Eiderrek
eta etorkizuna begira ez
daki zer ikasiko duen, batek daki.
Agian Arte Ederretakoa edo beste
zerbait, auskalo, baina abenduaren
2an, Lantziegon bertan izango
dela, EUSKARAZ BIZI NAHI
DUELA gogotsu adierazteko. Ez
hori bakarrik, irratira beste egun
batean bueltatuko da, Itziarrekin
batera gogoko duen abestia
aurkezteko hitza eman du-eta.
15 urteren buruan, ez dakit non
egingo duen lan Eiderrek, agian
margolaria, irratiko kazetaria
izango da, auskalo!, baina ziur
nago aurten Arabako Errioxako
Euskararen Nazioarteko Egunaren
kartelaren egileak euskara
maitatuko duela, zalantzarik
gabe! EUTSI GOIARI !!