BERBAZ I | Page 29

Hala ere, zorionez, historian baditugu nahikoa adibide bide antagonikoak erakusten dizkigutenak. Nagusiena eta seguruenik ederrenetarikoa, Piotr Kropotkin filosofo anarkistak 1902an argitaratutako “Mutual Aid: A Factor of evolution” liburuan aurkitu dezakegu: Elkarlanaren (mutualismoaren) teorian oinarrituta, Darwinismoa eta bere estrapolazio soziologikoak argitasun osoz kolokan jartzen dituena. Pentsalari errusiarrak, espezie desberdinen bizitza soziala eta elkarri laguntzeko instintuaren garrantzia azpimarratzen du. Izan ere, espezien iraupenean, azken ezaugarri hauek indartsu-ahulen arteko gerrak baino garrantzi handiagoa dutela adierazten du. Kooperazioaren fenomenologia irudikatzeko, Kropotkinek hainbat espedizio egin zituen Siberian barrena, gizakiak, zein gizakiak ez diren animalien komunitateak aztertzeko. Bestalde, Erdi Aroko eta Aro Modernoko hiri eta gizarte autonomoak analizatu zituen, kooperazioa eta elkarlana, espezien arteko lehia baino faktore garrantzitsuagoa dela ondorioztatuz.

Hortaz, autogestioa, kooperazio eta elkarlanaren adierazpen gorenena izango litzateke, edonolako jardueran jardule edo ekintzaileek beraiek kudeaketa bere gain hartzeko prozesua, autonomia eta askatasunean oinarrituta. Hura barik ezingo genuke Sorginola eta bere baitan dituen proiektu guztiak ulertu: elkarlanari esker hausnartu, sortu eta aurrera eraman dira gaztetxeko Tronpa proiektua eta Ateneoa. Baita Durangon ditugun beste hainbat mugimentu asanbleario: Zabalduko Ditugu, Zapaburu edo Sapuetxe, besteak beste. Horizontalak, komunitarioak eta alderdi politikoen baldintza eta taktika estuetatik aldenduta. Kapitalak eraiki duen “demokrazia” ordezgarriari itxaron nahi ez dioten mugimenduak, erantzunkizuna bereganatu eta imaginarioan gordeta duten gizartea eraikitzera doazenak, instituzioei baimena eskatu barik. Imaginatu daitezke Durangon ditugun ekintza sozio-kultural gehienak mugimendu guzti hauek barik? Ez al dituzte herritarron kezkak plazaratzen? Kontzertuak, antzerkia, zinema, literatura, bidaiak, harremanak, borroka sozialak eta askoz gehiago. Diskurtso nagusiak kontrakoa esaten badigu ere, elkarlana, eta ez lehia, da gizakiaren eboluzio duin baterako bide bakarra. Kontraesan eta momentu txarrak bidean? Asko. Baina, ez al du merezi utopia eraikitzeak? Kuraia talde mitikoak esango lukeen moduan: autogestioak hiltzen jarraitu behar du.

27

IRITZIA