Gure Gauzak 2014ko abendua | Page 3

Ikastola

3

OLABIDE IKASTOLAK URREZKO BIKAIN ZIURTAGIRIA LORTU DU

Olabide Ikastolak bere sorreratik euskara bultzatu eta indartzeko konpromisoa hartu du. Gure Ikastolak Hezkuntzaren eta Hizkuntza Proiektuaren ardatza euskara duelarik, euskaldun eleaniztunak hezi nahi ditu. Halaber, euskaraz gauzatu nahi du bere komunitatearen barne-bizitza. Horretarako, Ikastolako Hizkuntza Proiektuko taldekideok ikastola osatzen dugun guztiokin batera hizkuntzen eta, batez ere, euskararen kudeaketan aritu izan gara azken urteotan.

Lan hauetan hobetzeko asmoz kanpoko ebaluazioa egitea egoki ikusi genuen. Batetik, egin izan den, egiten ari garen eta egingo dugun lanaren indar-guneak ezagutzeko, eta, bestetik, zeri eutsi beharko diogun hurrengo urteetan erreparatzeko. Hori dela eta Bikain Ebaluazioan parte hartzea eskatu genuen iaz.

Iraila eta urria bitartean ebaluatuak izan gara. Ebaluazio horren emaitza urriaren 24an jakinarazi digute, eta hori dela eta pozarren gatozkizue emaitza horren berri ematera. Urrezko ziurtagiria lortu dugu puntuazio gorenarekin!!!

Zuek gu beste poztuko zaretelakoan helarazten dizuegu informazio hau.

BAINA…

Zer da BIKAIN?

Ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak luzatzen duena, eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duena. Izen ofiziala hauxe da, euskara hutsez: Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria.

Ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da, hortaz. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan dauden eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da, besteak beste. Ebaluazioari dagokionez, EMEk lau ardatz ditu: Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa, Kanpo harremanak, Barne harremanak, Hizkuntza kudeaketa.

Ebaluatzaile-taldeak ardatza bakoitzean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa aztertzen du indar-guneak eta zer-hobetuak identifikatuz. Era berean, erakundearentzat lagungarriak izango diren praktika onak proposatzen dizkiote.

Erakundeak aurrerapen mailen arabera lortuko du ziurtagiri. Honek hiru maila izango ditu: beltza, zilarra eta urrea.