BURDIN-HITZAK | Page 11

ZURIA BELTZAREN KONTRA Zure siluetak, ilargi argiaren kontra etzanda, sakontasuna bereganatzen du. Zure gorputza, hesi baten gainaldean ainguratuta, kulunkatzen da. Alde batean basamortua; zure frustrazioak, zure beldurrak... zure iragana. Beste aldean oparotasuna; zure grinak, zure alaitasunak... zure etorkizuna. Zure gorputza hor goian igota. Denboraren gailurrean jasota. Gau zuri horren haize epel eta leunak zabunkatuta... Hala ere, zu hotz zara. Hotzak zure zentzumenak geldiarazten dizkizu, zure gorputzean iltzetutako burdin hariak baino indar handiagoz. Hor goian altxatuta, hain gogorra da zure sufrimendua... Mundua bezarkatu ahal izango bazenu, marmar batean itota hilko litzateke. Eztiki mugitzen zara eta aurrera begiratzen duzu. Zure bularrean baitaratutako kokotsa altxatzean pentsatzen duzu: " une honetan nire gorputza jausten bada, izengabeko, aberrigabeko, zentzugabeko gorputz bat eroriko zen... zehaztugabekoa. Fardel bat amilduko zen eta munduko axolagabentasunean murgilduko zen". Eta ezten hori, gero eta sakonago dago zure gorputzean. Eta odol tanta batzuk zure praketatik, zure izterretatik labaintzen dira eta hesi horretako burdin hari hotz eta mehearen milaka bidean zehar ibiltzen dira. Norabidegabe, zentzugabe. Odola irristatzen da, jaisten da eta zilinkatuta geratzen da, segundu batez, amorruz eta zehaztu gabe lur biguna astindu arte.